MONTEVIDEO-TIK OXANDABARATZ-I

 

            Airea: «Nornahik zernahi erranikan ere...»

 

Lau bertsu izan ditut Kalifornia-tik,

Kadet Oxandabaratz jaunak emanik,

«Aingeruen Herria» deitzen den lekutik,

Ez nuen esperantza nik, hoin urrundanik,

      Bazela gizonik

      Okupatzen zenik

      Nigatik segurik,

Kontestatuko diot Montevideo-tik.

 

Ederki mintzo zira, zu Oxandabaratz,

Zure konplimenduez kontent niz arras;

Baliatzen bazira daukazun indarraz,

Hainitzek badukegu norekilan ikas.

      Kanta zazu beraz

      Bihotzez euskaraz,

      Ez dezagun ahatz,

Nik lagunduko zaitut egin ahalaz.

 

Diozu ez dudala ohoriari kentzen,

Bertsutako legiak hoi du manatzen;

Abiatzen bagira elgar mendratzen,

Hortarikan ez dugu gauza onik izanen.

      Bai hor ala hemen,

      Uste dut hobe den

      Ibiltzea zuzen:

Ontsa mintzatzea ez da deusik gostatzen.

 

Nik eman kantuetaz jaun Sallaberry-ri,

Gustatu izan zaizula duzu iduri,

Ene ganik ez zuen bertzerik merezi:

Berak ere eman daizt bertsu ederrak niri,

      Ontsa eta klarki

      Emaiten'tu beti,

      Mintzatuz oneski;

Errespetu ekartzen dener badaki.

 

Montevideo-n naizela, ez zazula duda;

Hemen pasatzen ditut negu eta uda;

Hogoi-ta-hamasei urte badut jinik huna;

Denbora frango izan dut eiteko fortuna;

      Beti arrengura,

      Kexu naiz ardura,

      Ez nago gostura;

Ez naiz aise itzuliko sortu lekura!

 

Galdegiten dautazu niri barkamendu;

Ez dakit zertan duzun egun bekatu:

Deusetan ez nauzu, jauna, ofensatu,

Ene gostura ontsa zirade mintzatu,

      Zuk plazer baduzu,

      Ni beti prest nuzu;

      Gustatzen bazaizu,

Urrundanik enekin kanta dirozu.

 

Jose Mendiague

1899, apirilaren 26an